aurrekontu_partehartzaileak_proposamenak_h

Maiatzaren 16tik ekainaren 5era

Lehen fase honen helburu nagusia herritarrok, gure egunerokoan nabaritzen ditugun gabezia eta beharretatik proposamenak egitea da. Hernani gertutik ezagutzen dugunak herritarrak gara, eta bakoitzak bere errealitatetik behar ezberdinak sumatzen ditugu. Behar horiek proposamen bihurtzen ditugu prozesu honen lehen fasean. Hori dela eta, fase honetan herritarren proposamenak jasoko dira. Proposamenak bi norabidetan jasoko dira: auzoetako proposamenak (Lizeaga, Santa Barbara, Florida, Antziola, etab.), eta gaikako proposamenak (kirola, kultura, berdintasuna, mugikortasuna, etab.) Proposamenak egiteko bide ezberdinak egongo dira:

Proposamenak jasotzeko saio irekiak

  • Auzoetako bilerak
  • Gai ezberdinen inguruko bilerak

Postontziak

  • Auzoetan zein udal eraikinetan jarriko dira.

Online:

Aurtengo prozesuan, inbertsioetarako proposamenak egiteaz gain, aurrekontuaren beste atal batzuk ezagutu eta maila kontsultiboan garatzeko aukera izango dugu.


Lehen fasearen emaitzakLehen fasearen emaitzakLehen fasean sortutako dokumentazioa ikusi


 

Maiz egiten diren galderak

Zer dago eztabaidagai? 500.000€ak nola antolatzen dira?

Udal Aurrekontuak bi atal nagusi ditu: (1) Diru Sarreren Kapitulua eta (2) Gastuen Kapitulua. Prozesu honetan gastuen kapituluan zentratu gara bereziki, eta 500.000€ak gastuen atalekoak dira.

500.000€ hauek Udal Aurrekontuaren inbertsio eta gastu arrunten atalean txertatzeko dira. Aurrekontuaren oreka mantentze aldera, Diru kopuru hau (500.000 €) horrela banatzen da prozesu honetan:

  • 300.000 € gutxienez inbertsiotan gastatuko dira.
  • 200.000 € gehienez Udal aurrekontuaren gastu arruntean eragiten duten partida edo ataletan.
    • Azken atal honetan gehienez ere 50.000 € izango dira, urteroko aurrekontuan, modu iraunkorrean txertaturik, finkaturik eta konprometiturik geratuko den kopurua.

Zer esan nahi du 50.000€ko muga honek?

50.000€ko kopuru hau aurrekontuan modu iraunkorrean mantentzeko proposamenei zuzendua dago, hau da, urtez urte errepikatzea aurreikusten diren proposamenak.

Errazago ulertzeko, aurreko urteetako adibide batzuk honakoak dira: gazteen alokairurako diru laguntzak, tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzat aholkularitza juridikorako zerbitzua, edota haurrentzat antolatutako ekintza kulturaletarako partida handitzea.

Proposamen hauek 3 urtez mantenduko dira aurrekontu orokorrean, eta 3 urteren ondoren, prozesu honetan berriz eztabaidatuko dira mantendu nahi ote diren.

Zer da inbertsio bat?

Ekipamenduetan, urbanizazioetan, auzoetan, eraikinetan, lurren erosketan… egindako inbertsioak dira.

Adibidez: kiroldegiko teilatua konpontzea, lurrak erostea, bidegorriak, liburuak erostea, 15 akordeoi erostea, Sta. Barbarako gotorlekua berreskuratzea, auzoetako urbanizazioak berritzea, konpostaguneak, aparkalekuak egitea,…

Eta zer da gastu arrunta?

Udalaren eta herriaren gastu arrunt guztia jasotzen du, Udaletik antolatzen diren ekimenak, programak, Udaletik kudeatzen direnak, material erosketak, kontratak, dietak…..

Adibidez udal eraikinen eta kaleko argindarraren fakturak, Lehen hezkuntzako ikastetxeen mantenua, txotx irekierako jaialdiaren gastuak, zuhaitz egunarenak, parkeen mantenimendurako kontratuak, kaleko garbiketa, Euskararen inguruko kanpaina bat, ikerketak, …

Herritarrek prozesu honetan bakarrik erabaki dezakete aurrekontuarekin zerikusia duten gaiak? Prozesu hau al da gune erabakitzaile bakarra?

Hernaniko Udalaren baitan beste hainbat gune eta bitarteko daude herritarrek Udal aurrekontuan eragin eta erabakitzea ahalbidetzen dutenak.

Gune esanguratsuenak honakoak ditugu:

  • Berdintasun Kontseilua: herritarrez osatutako gune honetan Berdintasun arloko hainbat partida zertan gastatuko diren zuzenean erabakitzen da. Besteak beste, Jabetze Eskolen inguruan antolatuko diren ekimenen ezaugarriak, zein ikastaro izango diren, etab.
  • Kooperazio taldea: talde honetan parte hartzen dutenek, zuzenean erabakitzen dute, esate baterako, kooperaziorako diru laguntzak zertara bideratuko diren.
  • Jai Batzordea: Hernaniko San Joan Jaien antolaketara bideratutako diru partidaren zati bat zertan eta nola banatuko den bertan erabakitzen da.

500.000€ asko edo gutxi da? Udal aurrekontuaren zein portzentajez ari gara?

Hernaniko Udalaren gastuen kapitulua 25.000.000€koa da, gutxi gorabehera. Gastuen atalaren %2a suposatzen dute 500.000€ horiek.

Baina, kokatu behar dugu, 25.000.000€ horietatik atalik handiena “lotua” dagoela, besteak beste: argindar gastuak, pertsonal gastuak, etab.

Beraz, loturik ez dagoen atalaren %10 eta %20 artean koka dezakegu.

Nork egin ditzake proposamenak?

Proposamenak Hernanin erroldatutako pertsona orok egin ditzake. Aurreko urteetan bozkatzeko fasean, muga 16 urtetik gorakoetan jarri den arren, aurten 12 urtetik gorako herritar orok bozkatzeko aukera izango du, baita proposamenak egitekoa ere.

Non eta nola egin daitezke proposamenak?

Proposamenak egiteko biderik zuzenena bilera irekietan parte hartzea da. Bertan, auzo zehatz bateko errealitate eta beharrez edo gai jakin baten gaineko proposamenez ariko gara.

 

Bileretara hurbildu ezin duten pertsonen kasuan, beste hainbat aukera eskaintzen ditugu:

 

Postontzi edo internet bidez egindako proposamen guztietan derrigorrezkoa izango da proposamena egiten duen pertsona edo taldea identifikatu eta kontakturako telefonoa jartzea. Modu honetan, Udal teknikariek balorazioak egiterakoan, zerbait ulertzen ez badute edo zalantzak badituzte, herritarrekin zuzenean harremanetan jarri ahal izango dute.

Non daude postontziak?

Herri osoan zehar aurkituko dituzu postontziak:

  • Udal eraikinetan: Udaletxean, Biteri Kultur Etxean, Kiroldegian, Musika Eskolan, Goiz Eguzkin eta Institutuan.
  • Auzoetan: Latsunbe Berrin (leku zehatza zehazteko), Sorgintxulon (zehazteko), Zikuñagan (zehazteko), Lizeagan (zehazteko), Kaxkoan (zehazteko), Florida-Etxeberrin (zehazteko), Antziolan (zehazteko), Portun (zehazteko) eta Karabelen (zehazteko).

Nola antolatzen da prozesua?

Prozesu honetan, herritarrek, aurrekontuaz erabakitzeaz gain prozesuaren diseinu eta jarraipen osoan parte har dezakete.

Horretarako sortuak dira Talde Eragilea eta Jarraipen Batzordea.

Zer da Talde Eragilea?

Prozesu honen gidaritza eta jarraipena egiteaz arduratzen den herritarrez osatutako gune erabakitzailea dugu.

Prozesuaren diseinu zehatza egiteaz arduratzen da, fase bakoitzaren jarraipen eta balorazioa egiten du, eta bozketa amaitu ondoren Aurrekontuan txertatuko diren proposamenak zein izango diren zehazteko erabaki gaitasuna dauka.

Taldearen osaera honakoa da:

  • Hernaniko 3 elkarte ezberdinetako ordezkariak: kultur arloko elkarte bat, kiroleko elkarte bat eta gai sozialetako beste bat.
  • Hernaniko auzo ezberdinetako 2 ordezkari, auzo elkarteetako kideak direnak.
  • 3 Herritar, modu pertsonalean: aurreko urteetan prozesuan parte hartu dutenak, prozesuarekiko interesa dutenak, etab.
  • Udal teknikari 1
  • Dinamizazio eta aholkularitza teknikorako arduradun 1

Ezaugarri hauek genero eta adin irizpideekin uztartzen dira taldearen osaera zehazteko.

Urtetik urtera Talde Eragilearen osaera aldatzen joaten da, herritar berriei erabaki gune honetan parte hartzeko aukera emanaz.

Zer da Jarraipen Batzordea?

Aurreko urteetako prozesuan erabaki diren proposamenen jarraipena egiteaz arduratuko den lan taldea da. 2014 eta 2015 urteetan zehar garatutako prozesuetan hartutako erabakiak betetzen ari direnaren jarraipena egitea da bere ardura nagusia, eta horrekin batera, herritarrei helaraztea proposamen bakoitzaren garapen maila zertan den:

  • Garatu eta egin diren proposamenak zeintzuk diren
  • Egin gabe dauden proposamenak, momentu honetan zein egoeratan dauden, eta ez badira egin edo egingo, zeintzuk diren arrazoi nagusiak.