Hernaniko Udalak Kulturaren inguruko hausnarketa eta eztabaida prozesu bat sustatu nahi du, egungo eta etorkizuneko kultur eredua eta helburuak marraztuko dituena, elkarlana eta koordinazioa sustatzeko bideak jartzearekin batera.

Partaidetza prozesu honen egitekoak izango dira: Herriaren dinamika kulturala eta, honekin lotura eta harreman zuzena edo zeharkakoa duen guztia (sormena, egitasmoa, jarduera, eskaintza, antolakuntza, azpiegiturak…) aztertu, hausnartu eta lerro nagusiak definitzea. Hausnarketa hori Udaleko ordezkariekin eta diziplina eta arlo ezberdinetako herriko talde, elkarte, sortzaile, eta parte hartu nahi duen herritarrekin batera egin nahi dugu.

Prozesua urrian hasi eta 2018ko apirila bitarte iraungo du. Lehendabiziko fase batean egoeraren diagnostikoa egingo da. Horretarako dokumentazioa aztertuko da, banakako elkarrizketak egingo dira, eta talde-eztabaidak proposatuko dira, gai zehatzen inguruan. Ondoren, aurrera begirako estrategiak definituko dira, eta hori garatzeko ekintza plana zehaztuko da, partaidetza prozesu baten bidez.