2020ko aurrekontuaren 500.000 euro erabakitzeko prozesua abian da

Erabaki Hernani Decide 2020 aurrekontu parte-hartzaileen prozesua martxan da aurten ere. Seigarrenez, hernaniarrek erabakiko dute 2020ko udal aurrekontuaren 500.000 euro zertan inbertitu nahi dituzten. Horretarako, urtero bezala, proposamenak egin, horiek eztabaidatu eta erabakitzeko aukera izango dute herritarrek. Dagoeneko 2.500.000 euro erabaki dituzte herritarrek aurrekontu parte-hartzailearen bidez.

2014an aurrekontu parte-hartzaileen prozesua hasi zenetik, herritarrek osatutako Talde Eragilea izan da prozesuaren oinarriak jarri dituena, eta hala izango da aurten ere. Oraingo honetan, Siadeco Ikerketa Aplikatuaren gidaritzapean, sei herritarrek osatzen dute: hiru norbanakok, herriko talde bateko ordezkari batek, eta auzo elkarteetako bi ordezkarik.

Ohi bezala, aurtengo Erabaki Hernani Decide 2020 prozesua lau fasetan burutuko da:

• 1. Fasea: Proposamenak egitea. Maiatzaren 30etik ekainaren 17ra bitarte.
• 2. Fasea: Proposamenak lehenestea. Uztailaren 8tik 11ra bitarte.
• 3. Fasea: Proiektuen balorazio teknikoa. Uztailaren 18tik irailaren 20ra bitarte.
• 4. Fasea: Bozkatu eta erabaki. Urriaren 14tik azaroaren 15era bitarte.

Hain zuzen, lehenengo fasea da orain abiatuko duguna. Maiatzaren 30etik ekainaren 17ra bitarte, hernaniar orok, bakarka nahiz taldean, proposamenak egiteko aukera izango du. Beti ere, proposamenok Talde Eragileak zehaztutako ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:

• Proposamen bakoitzaren aurrekontua 125.000 eurokoa izango da, gehienez.
• Herritar bakoitzak, gehienez ere, 5 proposamen egin ditzake.

Proposamenak egiteko bideak, aurreko urtetako berberak izango dira.

• Auzoz auzoko bilera irekien bidez*.
◦ Maiatzak 30: Karabelen, arratsaldeko 19:00etan.
◦ Maiatzak 31: Lizeagan, arratsaldeko 19:30ean.
◦ Ekainak 3: Zikuñagan, arratsaldeko 19:30ean.
◦ Ekainak 5: Portun, arratsaldeko 19:00etan.
◦ Ekainak 6: Antziolan, arratsaldeko 19:00etan.
◦ Ekainak 7: Latsunbeberrin, arratsaldeko 19:30ean.
◦ Ekainak 10: Kaxkoan, arratsaldeko 19:00etan.
◦ Ekainak 12: Etxeberri-Floridan, arratsaldeko 19:00etan.
◦ Ekainak 14: Sorgintxulon, arratsaldeko 19:30ean.

*Saioak auzo elkarteen lokaletan izango dira, Kaxkokoa izan ezik, udaletxean egingo baita.

• Postontzien bidez. Hernaniarrek etxean jasoko dituzten diptikoak bete, eta udal eraikinetan (Biteri Kultur Etxean, Udaletxean, Kiroldegian, Goiz Eguzkin, Institutuan, Plaza Feministan, Gabriel Zelaian, Sandiusterrin eta Udal Euskaltegian) eta auzo elkarteen lokaletan jarriko diren postontzietan sartu ahal izango dira.
• Internet bidez: erabaki.hernani.eus webgunean dagoen inprimakia bete eta bidali.

Iaz aurrenekoz egin zuten moduan, aurten ere, 8 eta 16 urte bitarteko gaztetxoek aukera izango dute aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan parte-hartzeko. Eskola Agenda 21 proiektuaren bidez bideratuko da; proiektu horretan landutako gaiaren bueltan egindako proposamenak txertatuko dira prozesuan, eta ondoren, bozkatze-fasean parte hartuko dute, ikastetxeen bidez.

Horrez gain, Talde Eragilea hasi da dagoeneko leheneste-fasea prestatzen. Hain zuzen ere, “Herriari bizitza ematea” izango da aurtengo helburua, Taldeak hala erabakita. Hori horrela, prozesu honetan dinamika kulturalak, tokiko jarduera ekonomikoak (merkataritza, zerbitzuak, enplegua), herritarren arteko harremana eta topaketa, eta herri ondarea (kulturala, historikoa, naturala…) sustatzen duten proposamenak egiteko gonbitea luzatzen diete herritarrei.