Beste herri askotan bezala, Hernanin kirol-jarduerek garrantzi handia daukate, hernaniar askok egiten dute kirola edo jarduera fisikoa, modu ezberdinetan: elkarteetan federatuta, beraien kontura, eskoletan, kirol-lehian… Herrian kirol-elkarte ugari daude eta gero eta gehiago dira kirola federatu gabe egiten duten hernaniarrak.
Kirola egiteko, kirol-espazio eta -instalazio ugari daude Hernanin, baina denak ez daude egoera onean. Esaterako, kiroldegia Gipuzkoako zaharrenetako bat da eta aspaldian dauka berritzeko
premia; Landare errugbi-zelaia Urumea ibaiak hartzen du uholdeetan; atletismo-pista badago, baina 300 metrokoa da…
Kirol-espazioetan (parkeetan, esaterako) beste hobekuntza batzuk ere egin daitezke: iturriak edo komunak jarri, gimnasia egiteko tresnak jarri… Nahikoa diru edo baliabide izanez gero, horiek guztiak egitea erraza da, baina dena Udalak egin behar duenean eta dirua leku beretik irteten denean, garrantzitsua da irizpide garbiak izatea eta lehentasunak ezartzea, are gehiago krisialdi ekonomikoko garaian. Horretarako, hurrengo urteetan kirol-espazioak eta -ekipamenduak noiz eta
nola berritu edo hobetu behar ziren aurreikusteko, Hernaniko Udalak hausnarketa egin nahi izan zuen herritarrekin.
Kirola praktikatzen edo jarduera fisikoa egiten zuten hernaniarren behar, interes eta iritziak abiapuntutzat hartuta, elkarrekin kirol-espazioen beharren diagnostikoa egin zuten, hasteko. Gero, diagnostiko hori oinarritzat harturik, aurrera begirako irizpideak eta lehentasunak jaso ondoren, epe ertainerako kirol-plangintza osatu zuten.
Prozesuan, herritarrekin lau saio egin zituzten, lau larunbat goizetan: lehen saioan, Hernaniko kirol-espazioak identifikatu eta baloratu zituzten; bigarrenean, berriz, etorkizuneko kirol-praktikak eta beharrak identifikatu zituzten; hirugarrenean, etorkizunean kontuan izan beharreko irizpideak landu zituzten; eta, azkenik, laugarrenean, hurrengo urteetarako plangintza-proposamena
osatu zuten.
Gero, Udalak bere egin zuen plangintza hori eta herritarren aurrean konpromisoa hartu zuen pixkanaka gauzatzen joateko. Plangintzan jasotako zenbait proposamen martxan jarri ziren handik gutxira (adibidez, parkeetan adinekoek kirola egiteko gailuak jartzea) eta aldian behin bilerak egiten jarraitu zuten prozesuan parte hartu zuten herritarrekin, egindakoaren berri emateko eta hurrengo hilabeteetarako asmoak azaltzeko.