Hernaniko Udal Gobernuaren iniziatibaz herriko Udal Aurrekontuaren atal batzuk herritarrekin eztabaidatu, zehaztu eta erabakitzeko prozesua abiatu zen 2014ko otsailean.

Prozesu honen abiapuntua, Udal gobernuak bere egitasmoetan duen herritarren partaidetza, gertutasuna eta Udal politika publikoetan erabaki gaitasuna lantzearen ildoan kokatzen da. Horrela, aurrez bestelako egitasmoak egin ondoren (bestelako lan eremuetan), oraingoan, Udal Aurrekontuaren eremuan kokatu du Udalak herritarrak eta instituzioa gerturatzeko ahalegina.

 

HELBURU OROKORRA:

  • Hernaniko Udal Aurrekontuen atal zehatz bat herritarren artean eztabaidagai jartzea.
  • Hernaniko Udal Aurrekontuen atal zehatz horren izaera zehaztea Hernaniko herritarrekin.
  • Hernaniko Udalaren aurrekontua herritarrekin batera eztabaidatu eta erabakitzea.

HELBURU ZEHATZAK:

  • Udal ordezkari tekniko eta politikoekin batera, herritarrek gaikako edo sektorekako egoera eta beharrizanak identifikatzea.
  • Udal ordezkari tekniko eta politikoekin batera, herritarrek auzokako edo lurraldearen araberako egoera eta beharrizanak identifikatzea.
  • Hernaniko Udal aurrekontuetan txertatzeko gaikako proposamenak jasotzea, eztabaidatzea eta erabakitzea.
  • Hernaniko Udal aurrekontuetan txertatzeko auzokako proposamenak jasotzea, eztabaidatzea eta erabakitzea.

ZEHARKAKO HELBURUAK:
Zeharkako helburuei dagokionez, ondoren zerrendatzen direnak izango dira prozesuan zehar gertatzea bilatu direnak:

  • Erakunde publiko eta herritarren artean elkarlan eta parte-hartze kultura indartzea.
  • Herriko eragile eta elkartegintza sendotzen laguntzea, honela herrigintzan ari diren sektoreen arteko elkar lankidetza sustatuz, bakoitzaren esparrutik abiatuta sinergiak lortzea.
  • Partaide bakoitzaren eta denen berdintasuna eta garrantzia indartzea: edozein dela herrian duen rola, funtzioa, ardura; edozein dela duen generoa; edozein dela ordezkatzen duen subjektua, e.a.
  • Talde lanerako espazioak sortuz, eragile eta pertsona bakoitzaren interesen ikuspegi zehatzetik, eta auziaren inguruko ikuspegi desberdinak mahai gaineratuz, talde/komunitate ikuspegia lantzea.
  • Kultura politikoaren eraldaketa sustatzea, norberaren ikuspegi eta bizipen indibidualetatik abiatuta ikuspegi komunitarioaren sorkuntzan urratsak ematea.