emakumeen_etxea_1erein

2016ko ekaina eta uztaila bitartean

Prozesu honen lehendabiziko lan fasea prozesuaren sorrerari bideratua egongo da. Honela, Emakumeen Etxearen proiektua sortzeko prozesuaren diseinua eta honi dagozkion xehetasun eta ezaugarriak zehaztu dira: prozesuaren egutegia, egitura eta antolaketa, kokmunikazio plangintzaren diseinua, etab.

Modu honetan, lehendabiziko fase honetan sortu dira Talde Eragilea eta Bidelagun Sarea.

2016ko ekain eta uztail bitartean garatu da lan fase hau.

Zer da Talde Eragilea?

Prozesuaren antolaketa eta jarraipenaz arduratuko den gune erabakitzailea dugu Talde Eragilea. Bertan, Hernanin mugimendu feministan nahiz berdintasunaren aldeko lanean diharduten norbanako zein elkarteetako ordezkariek parte hartzen dute. 12-15 pertsonaz osaturiko talde honetara interesa duen edonor gonbidatua dago.

Eraketa prozesuan zehar adostuko ditu funtzio eta betebeharrak, baina ondorengoak izan daitezke:

  • Prozesuaren gidaritzaz arduratuko den gunea da, gune erreferentea izango da: prozesua gertutik jarraitu, norabidea adostu, etab.
  • Prozesuaren metodologia adosteko erabaki gune garrantzitsuena da.
  • Aliatuak bilatu, sortu eta saretzeaz arduratuko da, prozesu honetan laguntzaile, interesatu edota partaide izango diren eragileak identifikatu, harremanak sortu eta prozesuaren parte egiteko urratsetan pentsatuko du.
  • Prozesuaren lan fase ezberdinen jarraipena eta egituratzea:
    • Egitasmoa gainbegiratzea, eta moldaketak: proposatu den egitasmoa baloratu eta herriko ezaugarrietara gehien egokitzeko asmoarekin beharrezko aldaketa guztiak egingo ditu.
    • Prozesuan zehar zailtasunak eta oztopoak identifikatu, aurreikusi eta alternatiba zein aukera posibleak proposatu.
    • Etengabeko jarraipena eta balorazioa.
    • Komunikazio plangintza eta euskarrien sortzea eta gainbegiratzea.

Zer da Bidelagun Sarea?

Prozesu honetan parte hartzeko zuzeneko harremanak sortuko dituzten emakume aliatuen taldea da honakoa. Hernaniko emakumeen perfil ezberdinetako 20 pertsona inguruko sarea da, eta hauen eginkizun nagusia, aldi berean, beraien eremu edo inguruneko emakumeekin harremanak egitea izango da, bakoitzak demagun beste 5 pertsona gonbidatzeko ardurarekin. Eta honela sarea hedatu arte.