Pasa den ekainaren 17an bukatutzat eman zen Erabaki Hernani Decide 2020 prozesuaren lehenengo fasea. Lehenengo fase honetako helburua izan da, hain zuzen, herritarrek 2020ko udal aurrekontuaren 500.000 euro zertan inbertituko lituzketen jakitea. Horretarako, proposamenak egiteko aukera izan dute.
Helburu horren bueltan, denera, 407 proposamen egin dituzte hernaniarrek. Horietatik 123 errepikatuak izan dira, eta beraz, 284 proposamenek jarraituko dute prozesuan. Hala azaldu zen ekainaren 20an egindako aurkezpen publikoan.
Hemendik aurrera, udal ordezkarien (politikarien) esku geratuko dira proposamenok. Horiek aztertu eta lehenengo filtroa ezarriko diote. Baztertu egingo dituzte, beraz, 125.000 euroko muga gainditzen dutenak, kudeaketari dagozkionak, baita beste erakunde batzuen eskumenak direnak.
Horiek kenduta, uztailaren 8tik 11ra egingo dira bigarren faseari dagozkion leheneste-saioak. Orduan, herritarren esku egongo dira, berriro ere, proposamenak.
Bitartean, hemen irakurri ahal izango dira 407 proposamen guztiak, gaika: PROPOSAMENAK