Udal Aurrekontuaren 500.000€ erabakitzeko beste urrats bat eman dugu.
Hernani hobetzeko 376 proposamenak jaso eta bi urrats eman ditugu:
- Udal ordezkari politikoek proposamenak irakurri eta prozesu honetarako baldintzak betetzen ez dituztenak kanpoan utzi dituzte: Udal eskumena ez direnak, aurrekonturik behar ez duten proposamenak, aurtengo Udal Aurrekontuan aurreikusiak daudenak, etab.
- Herritarrek proposamen guztiak baloratu dituzte banan bana: 4 bilera ireki egin dira proposamen guztiak baloratu, lehenetsi eta aurrera egingo dutenak erabakitzeko. Herritarrek balorazioa egiteko erabilitako irizpideak hauek izan dira:
- Proposamenak herritar oinezkoen egunerokotasuna eta irisgarritasuna bultzatzen du?
- Proposamen honek elkarbizitza, herritarren arteko harremanak, aukera berdintasuna, elkar topatzeko lekuak izatea bultzatzen du?
Herritar bakoitzak proposamen guztiak baloratzeko aukera izan ondoren, bigarren fasearen ondorioak honakoak dira: 376 proposamen horietatik guztietatik, 101 proposamenekin geratu gara 3.faseari hasiera emateko.
3.fasean, proposamenen balorazio teknikoa egingo da. Udal teknikariek iraila amaiera arteko epea izango dute lana burutzeko, eta fase honetan aurrera egiten dutenak, 4.faseko bozketara iritsiko dira.