Harrobiko frontearen segurtasuna bermatzeko 20 metro inguruko babesgune bat egingo da

Parkea eraberritzeko proiektua idatzi aurretik, harrobiaren frontearen egonkortasunari buruzko azterketa geoteknikoa enkargatu zuen Hernaniko Udalak. Azterketaren arabera, egitura ezegonkorra da, lur-jausiak egon daitezke eta horren aurrean zenbait konponbide proposatzen ditu. Inpaktu paisajistikoa eta segurtasun irizpideak direla eta, babesgunea sortzeko aukera lehenetsi dute udal teknikariek. Santa Barbarako etorkizuneko parkearen proiektua idazteko segurtasun gune hori kontuan hartuta egin beharko da.

planoa_frontea_sbharrobia_web

Hernaniko Udalak, Santa Barbarako harrobia berreskuratu nahi zuen eta bertan zernolako erabilerak eta azpiegiturak egingo diren erabakitzeko parte-hartze prozesu bat bultzatu zuen 2018ko uztailetik urria arte. Bertan adostu zen, parkearen proiektuari ekin aurretik, harrobiko fronteari buruzko azterketa geotekniko bat egin behar zela, segurtasuna bermatze aldera.

Azterketa geotekniko hori Ikerlur enpresari enkargatu zitzaion 2018ko azaroan. Geologian eta geoteknian aditutako enpresa horrek emaitza aurkeztu berri du. Azterketaren arabera, egitura hori ez da egonkorra eta luiziak egon daitezke noiznahi.

Enpresak proposatzen dituen irtenbideen artean, segurtasuna eta inpaktu paisajistikoa aintzat hartuta, bat hobetsi dute udal teknikariek: hormatik 20 metro inguruko babesgune bat eraikitzea proposatzen duena. Gune horretara sartzea debekatuta egongo da. Horretaz gain, segurtasuna areagotzeko areka edo langa bat eraikiko da ezpondaren behekaldean, egon daitezkeen lur-jausien harriei bertan eusteko. Halaber, ondoan lur mendixka bat ere egingo da zuloak altuera gehiago izan dezan.

Parte-hartze prozesuan, herritarrek erabaki zuten aisialdi gunearen erabilera desberdinak: jolaserako eta egoteko gunea (mokadutxo bat jateko mahaiak, egurrezko jolasak, txirristak, tirolinak…); jarduera fisikorako eta kirola praktikatzeko gunea (bizikleta parke bat); naturaz gozatzeko gunea (hamakak eta izarren behatokia). Gune horiek guztiak oinezkoak eta bizikletak elkarbizitzeko ibilbide baten barruan geldituko dira.

Proiektuaren konplexutasuna oso handia da eta horren idazketak harrobiaren frontearen babesgune hori kontuan hartu beharko du.