Hernaniko Udal Aurrekontuaren 500.000€ erabakitzeko prozesua badoa aurrera, eta ikasturte amaierarekin batera bere bigarren fasea ere amaitu da.
Bigarren fase honetan herritarrek proposamen guztiak baloratu dituzte 4 bileratan. 54 herritarrek parte hartu dute bileratan eta ariketa kolektiboen bidez, aurrera egingo duten eta kanpoan geratu direnak zeintzuk izan diren erabaki da. Gutxi gorabehera, bilera bakoitzean proposamenen erdiak aurrera egin du, eta beste erdia kanpoan geratu da.
Gaurtik aurrera, bilera guztien akta edo memoriak ikusgai daude webgunean. Modu honetan, herritar orok bilera horietan landutako gaiak kontsulta ditzake.
Hirugarren fasean, proposamenen balorazioan sartua da prozesua dagoeneko: ekainaren 13an teknikariei lehen bi faseen aurkezpena egin zitzaien eta baloratu beharreko proposamenak beraien eskuetan utzi dira. Balorazio teknikoen emaitzak iraila amaieran izango dira ikusgai.