Aste honetan, 8 eta 12 urte bitarteko haurrak beraiei egokitutako parkea diseinatzen ari dira. 100 haur inguru parte hartzen ari dira, arkitektura eta pedagogia uztartzen dituen Maus Haus enpresaren gidaritzapean.
Udalak udan antolatu ohi dituen kirol udalekuetako eta udaleku irekiak dinamizatzen ari diren Kaxkardi Kirol Elkartearekin eta Kanika Aisialdi Taldearekin elkarlanean bideratzen ari da ekintza hori. Hernaniarrek 2017ko aurrekontu parte-hartzaileetan erabakitako proposamena da.
Ekintza horren helburua da, prozesu parte-hartzaile baten bidez, sokadun parke baten ezaugarriak finkatzea, 8 urtetik gorakoek bertan eskala dezaten. Haur zaharrenen behar, interes eta nahietan oinarritutako parkea diseinatuko dute.
Guztira, bost talde ari dira diseinuan parte hartzen. Egunero saio bat egiten da, eta bakoitzean talde batek hartzen du parte.
Saio horretan, lehenik eta behin, parkearen kokaleku izan daitekeen espazioa bisitatzen du taldeak. Ondoren, hainbat parkeren ereduak ikusten dituzte. Amaitzeko, bakoitzak bere nahitik abiatuta, talde diseinua egiten dute eta adostutako ideiak maketa batean kokatzen dituzte. Amaieran bost taldeen lanak bateratzen dituen proposamena maketa bakarrean irudikatuko da.