Emakumeen Etxeak gure herrietan Berdintasuna eta feminismoaren bultzadarako erreferentziazko guneak dira; hainbat zerbitzu eta baliabide eskaintzeaz gain, emakumeen jabekuntza prozesuetan eragiteko topalekuak ere badirelarik.
Mugimendu feministaren ohiko aldarrikapen edo eskakizun historikoetako bat dugu, baita Hernanin ere.
Hernaniko Berdintasun Kontseiluak aldarrikapen hori bere hartuta sortu zen Plaza Feminista 2013an. Udal eraikin publikoa da, eta Berdintasun Saila bertan kokatua egoteaz gain, berdintasunaren alde eta ikuspegi feminista batetik, herrian lan egiten duten hainbat eragilek erabiltzen dute euren jarduera eta ekimenetarako. Besteak beste, Berdintasun Kontseiluak, Bilgune Feministak, Gizon Taldeak, Plax! gazteentzako aholkularitza zerbitzuak, Emakumeentzako Jabetze Eskolak…
Espazio hau ordea txiki geratu da egun herrian dagoen mugimendu anitza handituz joan den heinean, eta Emakumeen Etxe baten beharra azaleratu da.
Udalak dagoeneko Emakumeen Etxea izango denaren eraikina zehaztu du, eta ikasturte berriaren hasierarekin, partaidetza prozesu bat abiatuko dugu gune berri honen izaera, espazioaren antolamendua eta funtzionamendua herritarron artean eztabaidatu eta adosteko.
DOKUMENTAZIOA